Gero eta gehiago dira edukien marketinari dagokion garrantzia ematen dieten enpresak, onlineko marketinean ezinbesteko ekintza ari da bilakatzen, zalantzarik gabe. Kontsumitzaileekin bat egiteko era zuzen eta eraginkorra da, marka spam bezala ikusi beharrean, honen irudi positibo bat eraikitzen baitute mezua jasotzen dutenek. Hala ere, badago edukien estrategiaren helburua ahalik eta mezu gehien sortu eta igortzea dela uste duenik, baina gakoa hartzaileak irakurri nahi duen hori argitaratzean datza.
Beraz, zeintzuk dira kontsumitzaile gehiago lortzeko eta ditugunak pozik izateko sortu beharreko edukien ezaugarriak? Nolakoak izan behar dira? Business2Community–k –egungo industria eta enpresa mundua aztertu eta hori indartu eta hobetzeko eta horretarako momentuko joerak aztertzen dituzte– burututako ikerketa baten arabera hauek lirateke momentu honetan eraginkorrenak diren 5 gakoak:
1. GIF-AK
Zerbait berria dela uste badugu ere, 1987an sortu zen GIF formatua zeukan lehenengo irudia, etengabe aireratzen zegoen hegazkin baten irudi animatua izan zen hain justu. Oso modan jarri ziren, baina jendea web orrietan erabilerarik gabeko hainbat GIF txertatzen hasi zen eta gustu txarreko bilakatu ziren, gogaikarri izateraino.
Indar askorekin bueltatu dira, ordea, sare sozialen agerpenarekin batera apurka apurka komunikatzeko elementu bihurtu arte. Markak beraien komunitatearekin hitz egiteko hasi dira erabiltzen, beraien GIF propioak sortzeraino, Netflix-ek egiten duen moduan.
2. MEME-AK
Antzeko eginkizuna badute ere, GIF-ak eta meme-ak ez dira gauza bera. Lehen begiratuan ulerterrazak, umoretsuak eta iradokitzaileak dira, baina badira ezberdintasunak hauen artean. GIF-ak momentuko sentimendu bat adierazteko diren bezala, irudi muntaiak diren memeen bidez, marka, enpresa edota kontsumitzailea bera azken gertakizunei adi dagoela erakusten du, momentuko gertakizunen parodiak dira.
Ezagunenak Julio Iglesiasen memeak direla esango nuke, nori ez zaio bat edo bat Whatsapp bidez iritsi?
3. ZERRENDAK
Puntudunak dira, batez ere, eraginkorrenak. Irakurmena errazten dute, bisualki erakargarriagoak baitira. Mamitsua den informazioa sailkatu eta laburbiltzeko erarik onena dira. Egungo edukien marketinean ezinbestekoak, presaka eta edukiz inguratuta bizi garen garai honetarako bikainak.
4. EMOZIOZKO KONTAKIZUN POSITIBOAK
Bihotzera iristen diren horiek dira, sare sozialetan modan dagoen “feel good” sentsazio horrekin uzten gaituztenak. Testu hutsa, testua eta irudia, testua eta bideoa… Edozein motatako edukiak izan daitezke, kontua jendeak partekatu nahi izateko besteko istorioa izatea da: izurde baten jaiotza, panda hartz baten doministikua, itsas-zaldien ernaltzea… Batez ere Facebook-en ematen da joera hau, 2017an eduki izarra izan zen gainera. Markek mota horretako edukiak elkarbanatu eta posizionatzeko lasterbideak dira. Play Ground litzateke horren adibide argi bat, nahiz eta kontakizun ez hain positiboak ere kontatzen dituen.
5. INKESTAK
Inkesta edota test-en ibilbidea laburra izan zela bazirudien ere, sare sozialetan zeresan handia ematen ari dira berriro ere. Test bi izan ziren, esate baterako, 2017an Facebook sare sozialean gehien elkarbanatutako eduki biak. Mota honetako edukien bitartez, kontsumitzaileak momentu dibertigarri bat pasatzen du, eta markak bere erabiltzaileak gehiago ezagutzeko aukera dauka eskuartean, etorkizuneko estrategietan kontutan hartzeko datuak lortzen ditu.