Emaila kudeatzerako orduan, asko gara honi oinarrizko erabilera ematen diogunak: mezuak irakurri eta bidali, ez dugu beste ezertarako erabiltzen. Baina Gmail kontuek, esate baterako, uste genuena baino erabilera gehiago dauzkate, ez da mezu kudeatzaile soil bat, lana hobeto antolatzeko ere balio du.
Eta ez naiz Google-ren beste zerbitzu batzuetaz ari, Drive, Google Calendar eta abarrez, Gmail kontuez baizik. Has gaitezen, bada, Gmail kontu bati etekin guztia ateratzeko gakoen inguruan barneratzen:
Hizkuntza
Ze hizkuntzatan daukazu Gmail-a? Jarri ezazu euskaraz! Sakatu konfiguratzeko izan ohi den gurpilean eta “configurar” klikatu ostean, “idioma” da agertzen den lehenengo puntua, auekratu euskara zerrenda horretan.
Spam-a jasotzeari utzi
Helbide baten mezuak jasotzeari utzi nahi diogunean, hau spam bezala izendatu ohi dugu. Baina “sarrera-ontzia” atalean jaso ez arren, Spam karpetan biltzen dira, eta berdin berdin ezabatu behar ditugu. Beraz, zer egin email helbide horiekin? Bada, blokeatu: sartu blokeatu nahi duzun helbide horren mezuan eta goian eskubian agertzen diren hiru puntuetan klikatuz “blokeatu” aukeratu.
Sarrera ontzia moldatu
Sarrera ontzia moldatu edota Gmail-ean funtzio berriak ezartzeko APP multzo bat eskaintzen digu mezularitza tresna honek. Eskubi aldean dagoen “+” ikurrean klikatuz gero, aukera guztiak agertuko dira.
Etiketak
Etiketak eta azpi-etiketak sortzeak, jasotzen diren mezuak ordenatzen laguntzen du. Karpeta birtualak bezalakoak dira, eta mezu ezberdinak atal ezberdinetan sailkatzen dituzte.
Bidalitako mezu bat ezeztatu
Gmail-ak bidalitako mezu bat desegitea ahalbidetzen du. Bidali bezain laster, “mezua bidali da” notifikazioa agertzen da, eta laukitxo berean mezuaren bidalketa desegiteko aukera.
Iragazkiak edota filtroak
Etiketak jada jaso ditugun mezuak sailkatzeko balio badute, filtroek iristear dauden mezuak kudeatzen laguntzen dute. Nahi den irizpidearen arabera iragazi daitezke mezuak: igorlearen arabera, gaiaren arabera, hitz gakoaren arabera edota mezuak duen pisuaren arabera.
Gmail kontu bat baino gehiago sinkronizatu
Gmail kontu bat baino gehiago izan ohi du jende askok; lanekoa, pertsonala, bezeroren batena… Eta oso deserosoa da sesioa itxi eta kontu batetik beste ibiltzea. Bada, ez da beharrezkoa, Gmail-ak kontu guztiak batera kudeatzea ahalbidetzen du eta.
Kontu ezberdinak sinkronizatu
Gmail kontuez aparte, beste mezularitza zerbitzu batzuk ere sinkronizatu daitezke. Hau errazagoa omen da mugikorreko APP-tik egiten bada, ordenagailuko bertsioan ere egin daiteke, ordea. Ezarpenetan sartzen bagara, “birbidaltzea eta POP/IMAP” atalean, Outlook, Yahoo edota beste mezularitza zerbitzu bat sinkronizatu daiteke Gmail-ean.
Mezu automatikoa
Oporretan edota bajan gaudenean erabiltzeko aukera paregabea da hau. Iristen diren mezuei erantzun automatiko bat bidaltzeko balio du, guk sortutako mezua.
Ikusi duzuenez, zuku asko ateratzeko aukera ematen du Google handiaren mezularitza zerbitzu honek. Nik garrantzitsuenak iruditzen zaizkidanak aipatu dizkizuet, baina erabilera gehiago dauzka, dudarik gabe!