Ondoko lerroetan, Twitterreko zuen kontuari erabilera on bat emateaz urruti, ikusgarritasun gehiago lortzeko 10 aholku emango dizkizuet, nire bi kontuetan –@IraitzMadariaga eta @EuskalSM– hainbat froga egin ostean ezinbestekoak direla uste dudan pausuak.
I. Biografia: Twitter-eko kontu batean sartu eta ikusten den lehen gauza biografia da, garrantzitsua da oso biografia on bat izatea. Maiz, zaila izaten da 140 karakteretan egiteko gai garen guztia laburbiltzeko, baina saiatu gaitezen adituak garen puntu horiek azpimarratzen, inongo lotsarik gabe. Oso garrantzitsua da, baita ere, gure blog edota web orrialde pertsonalaren esteka jartzea.
II. Jarraitzaileak: Zure kontua jarraitzen dutenak ez dira ikus-entzule hutsak, ez daude zure bakarrizketari so, interakzio bat behar dute, eta gehienetan zu izan behar zara hori sustatu behar duena. Eskertu jarraitzaile berri oro, eskertu zure txioren bat zabaltzen eta gustukotzat jartzen duen hori, sortu elkarrizketak zure bezeroak izan daitezkeen horiekin…
III. Konpetentzia: Ez kendu begirik gainetik konpetentziari, asko ikasi dezakezu horiengandik eta elkarlanen bat ere sortu daiteke etorkizunean. Ez itxi aterik! Horien jarraitzaileak zure jarraitzaileak izan daitezke, eta horien ideiak zureen abiapuntu, beraz, bota begiratu bat zure alor bereko kontuei lantzean behin.
IV. Traola/hashtag/etiketak: Oso garrantzitsua da txio bakoitza pare bat traola edota etiketekin laguntzea, baina horretarako momentuko erabilienak zeintzuk diren jakin beharra dago. Kontua euskaraz erabiltzen baduzu oso komenigarria litzateke txiokatzen dugun Umap arakatzea eta gure txioak traoletako batekin zerikusia izanez gero, horrekin lotzea. Modu horretan, ikusgarritasuna lortuko dugu.
V. Irudiak: Garrantzia handia du irudien erabilerak, erakartzeko modu erraz bat da. Beraz, saiatu zaitez txio guztietan irudi edo argazki bat txertatzen, zerikusia duen irudi bat den heinean, beti ere. Hemen aurkituko dituzue argazki baimenduak: Flickr Creative Commons.
VI. Inkestak: Orain dela hilabete gutxitik, mezuetan inkestak txertatzeko aukera ematen du Twitterrek, erabili ezazu eta atera zukua horri ere. Galdetu zure jarraitzaileei gai baten inguruan duten iritzia, ezagutu itzazu!
VII. Korporatibismoa VS pertsonalizazioa: Hainbat froga egin ostean, jendeak hizkuntza pertsonalizatua edota norberarena nahiago duela atera dut ondoriotzat, hizkera beroa deritzoguna. Hizkuntza korporatiboak alde batera uzten du elkarrizketa edota interakzioa askotan, jendeak ez baitu horrekiko hurbiltasunik sentitzen.
VIII. Edukiak: Zuk sortutako eduki ezberdinak elkarbanatzeaz gain, elkarbanatu besteren baten ere, beti ere horri aipamena eginez, noski. Ez elkarbanatu beti gauza berdinak, elkarbanatu blog sarrerak, bideoak, albisteak, burutapenak… Eta sortu ahalik eta eduki gehien zure kabuz, gutxienez egunean 5 mezu txiokatuz.
IX. Interakzioa: Beste behin, interakzioa zaindu eta bultzatu beharra dago. Zure jarraitzaileen txioak gustokotzat hartu edota bertixotu beti ere merezi badute.
X. Frogatu: Ukitu, frogatu eta jolastu apur bat Twiterrek ematen dizkizun baliabide guztiak aprobetxatuz. Kendu beldurrak eta ikusi jarraitzaileen erreakzio ezberdinak.
Espero dut dekalogo hau baliagarria izatea, aholku gehiago behar izanez gero jo www.iraitzmadariaga.eus orrialdera! 🙂